GHko oposaketak egiteko prest
|

GHko oposaketak egiteko prest?

Benetan al zaude GHko oposaketak egiteko prest? Irudikatu une batez: epaimahaiaren aurrean zaude, ahozko defentsan, eta ustekabeko galdera bat egin dizute. Une horretan ez du axola ikasten zenbat denbora eman duzun, azterketa modu egokian prestatu duzun baizik.

Eta hori da, hain zuzen, hemen kontatuko dizudan guztiaren gakoa: GHko oposaketara ez da “jakinda” bakarrik iristen, “dakizuna transmititzen jakiten” baizik.

Oraindik garaiz gaudenez, hiru blokeren azterketa zintzoa egitea proposatzen dizut. Bloke bakoitzean “tick-a” jartzen baduzu, zorionak! Eta horietakoren batean “motz” arituz gero, hobe da horretaz gaur jabetzea probaren egunean baino.

GHko oposaketak egiteko prest

1. Gorputz Hezkuntzako oposaketako gaitegia: freskoa, bizia eta landua

Gaitegia ez da hilik hamar urte daramatzan folio mordoa. Gai-zerrenda on batek “bizirik” egon behar du, eta horrek esan nahi du:

  • Eguneratuta dagoela: Indarrean dagoen araudia jasotzen du: D77/2023, alegia. Ez da aski aipatzearekin: behar den momentuan dekretua erabiltzen ikasi behar duzu.
  • Ahots propioa duela: Autoreak, ikuspegiak, erreferentziak,… maneiatu behar dituzu: lotura aproposak eginez, gaia ulertzen duzula erakutsi behar duzu.
  • Buruz ikas daitekela: Gaia sintetizatu, egituratu, azken finean zurea egin.
  • Blokeka antolatuta dagoela: Fisiologia, entrenamendua, kirola, osasuna, didaktika… Gaiak blokeka ikasten dituzunean, gaien arteko loturak egiten hasten zara, eta lotura horiek balio itzela dute bai kasu praktikorako zein ahozko defentsarako.

Eta amaitzeko, ia inork “prestatzen” ez duena: proban emandako denboran idaztea. Gaia jakitea edo paperean erlojupean burutzea bi trebetasun desberdin dira. Bata ikasi egiten da, bestea entrenatu. Kronometroa, papera eta praktika, behin eta berriz.

Galde iezaiozu zure buruari: orain bertan gai bat garatzea eskatuko balizute, GHko oposaketak egiteko prest zaude? Gauza izango zinateke osorik, ondo egituratuta eta erabat eguneratuta idazteko ezarritako denboran?

2. Kasu praktikoa: teoriatik praktikara dagoen jauzia

Proba honek bereizten ditu “teoria dakitenak” eta “praktikan aplikatzen dakitenak”. Beraz, ez da nahikoa material ona izatearekin. Kasu praktikoa da benetako muga: 2 orduko epean Gorputz Hezkuntzako gela-egoera bat ebatzi edo saio bat diseinatu behar da, betiere irizpide didaktiko sendoetan oinarrituta.

Zer ikusi nahi du epaimahaiak?

  • Irakasle bezala pentsatzen duzula. Ez da joko polit zerrenda bat botatzea, ezta oinarririk gabeko teoria-xaxatzea ere; egiten duzuna, zergatik eta zertarako egiten duzun justifikatzea baizik.
  • Dena lotzen duzula. Gai-zerrenda, autoreak, dekretua… Praktika patiora eramandako teoria da.
  • Erreala dela. Benetan egin daitekeen saio bat, benetako talde batekin, benetako espazio batean. Ez fikziorik, ez inork gauzatu ezingo lukeen katalogo-proposamenik astearte bateko hirugarren orduan 23 ikaslerekin.
  • Proba ondo ixten duzula. Ondorio onekin, zure proposamenaren funtsezkoena jasotzen dutenak.

Hortaz, gakoa hemen dago: aurreko deialdietako kasuak behin eta berriz praktikatzea eta autoebaluazio kritikoa egitea. Ebatzitako kasuak irakurtze soilak ez dizu askorako balio; zeure tesiak landu eta izerdia botatzen duzunean ikasten da benetan.

Galde iezaiozu zeure buruari: zenbat kasu ebatzi ditut nik, osorik eta erlojupean?

3. Ahozko defentsa: mila aldiz entsaiatu behar duzuna

Hau da buruhauste gehien ematen duen atala, eta zuk gehien kontrola dezakezuna ere bai. Programazioa Gorputz Hezkuntzan zuk baino gehiago dakiten espezialisten aurrean defendatuko duzu, baina gauza bat esango dizut: zure programazioaz ez dute inoiz zuk baino gehiago jakingo, zurea delako. Horixe bera esan behar diozu zeure buruari: “Ni naiz nire programazioaz gehien dakien pertsona!”

–Ezina, ekinez egina- zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta hobe menderatzen da.

Ez dago sekretu magikorik: kasu praktikoetan bezalaxe, ahozko defentsa behin eta berriz praktikatuz bakarrik lortzen da azterketa egunean segurtasunez eta lasaitasunez aritzea. Horretarako lan-proposamena:

  • Bakarrik. Ozen, kronometroarekin, baita zeure burua grabatuz ere.
  • Praktikatu ingurukoen aurrean: familia, bikotekidea edo lagunak. Eskatu egia esateko eta amaieran galderak egiteko; izan ere, gure puntu ahulak detektatzea da kontua, azterketa eguna baino lehen hobetu ahal izateko.
  • Denborak eta tonua doitu. Ez geratu motz, ezta luze. Zaindu ahotsa, geldialdiak, begirada (oso garrantzitsua). Izan zaitez zeu, naturala eta autentikoa.
  • Kontatzen duzuna erakargarri egin. Epaimahaiak hautagai asko entzuten ditu. Zurea berezia izan behar da: sarrera on bat prestatu, entzulea lehen esaldiarekin harrapatu.
  • Bihotza eta arima jarri: zure proiektua eta irakasteko modua konfiantza osoz erakutsi. Gogoa eta ilusioa transmititu: epaimahaiak zera ikusi behar du, benetako Gorputz Hezkuntzako maisu bat duela aurrean, bere plaza merezi duen etorkizuneko funtzionarioa, alegia.

Galde iezaiozu zeure buruari: gai naiz barruan dudan gogoa transmititzeko eta benetako GHko irakaslea naizela erakusteko?

GHko oposaketak egiteko prest zaude? Egizu autoebaluazioa

  1. Gai-zerrenda eguneratua dut eta benetako denbora mugatuan idazten praktikatu dut?
  2. Badakit kasu praktiko errealista bat ebazten, irizpide didaktiko argiekin, 2 orduko epean?
  3. Nire defentsa entsaiatu dut, naturaltasunez atera arte?

Hirurei baiezkoa eman badiezu, zorionak: bide egokian zaude. Baten batek zalantzan jarri bazaitu, ez da berri txarra: hobetzeko bide-orri argi bat da. Badakizu nora bideratu zure energia bihartik aurrera.

Hau ez baita talentuaren kontua, praktikarena baizik. Eta horretan, badakit zerbait.

Metodo oso bat, zuzendutako kasu praktikoak eta prestakuntza integrala nahi badituzu oposizioei berme guztiekin aurre egiteko, informazio guztia hemen duzu:

👉 Gorputz Hezkuntzako oposaketarako online ikastaroa 2027

Animo, plaza gertuago duzu eta!

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude